XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hor duzu bi higikariren une desberdinetako posizioak.

zeinek du batazbesteko abiadurarik handiena?.

Irakurgaia: Argia eta soinuaren abiadurak

Inoiz adituko zenuen argiaren abiadura gaindiezina dela.

Materiak izan dezakeen abiadurarik altuena da.

Hau da Einstein-en Erlatibitate-Teoriaren oinarrietako bat.

Ez gara orain hori frogatzen saiatuko, baina argiaren abiadura nola kalkulatu zen ikusiko dugu.

Hasteko, abiadura horrek infinitua zirudien.

Eguzkia egunsentian edo laino artean ateratzen denean, ez du lehenbizi mendi tontorra argitzen, eta gero maldan behera ixuri erreka bailitzan.

Toki guztiak batera argitzen ditu, abiadura infinituz, itxuraz.

Bestalde, soinua dago.

Honen abiadura bai dela mugatua.

Denok konturatu gara su artifizialetan sua ikustetik soinua aditzera igarotzen den tarteaz.

Segundo batzuetakoa izatera irits daiteke, distantziaren arabera.

Soinuaren abiadura lehen aldiz 1738. urtean kalkulatu zen.

27 km-ko distantziara zeuden bi mendixken tontorretan kanoi bana kokatu zuten.

Lehen kanoia desarratu zuten eta erlojua martxan jarri; beste mendian hotsa aditu zutenean bigarren kanoia desarratu zuten; bigarren kanoiaren hotsa lehen mendira iritsi zenean geratu zuten erlojua.

Soinuak egindako distantzia, 54 km, igarotako denboraz zatituz, soinuaren abiadura kalkulatu zuten.

Abiadura hau 1191,6 km / h-koa da, hau da, 331 m / s-koa.

Beraz soinuak 3 s behar ditu 1 km egiteko.

Hau jakinda, ekaitzetan tximista ikustetik trumoia aditzera dagoen tartea zati hiru eginez, tximista gertatu den puntua zenbat kilometrotara dagoen jakin dezakegu.

Eta argiaren abiadura? 100 urte lehenago Galileo fisikari handiak antzeko metodoa erabil nahi izan zuen honen abiadura kalkulatzeko.

Bera eta bere laguntzailea pare bat kilometroko distantziaz banandurik zeuden bi muinoetara igo ziren, kandela banarekin.

Kandelak oihal batez estaliak zeuden.

Galileok berea desestali zuen; laguntzaileak argia ikusi zuenean berea ere desestali zuen.

Galileok oihala kentzetik bigarren kandelaren argia ikusi bitarteko denbora neurtu zuen.

Ustez, hori zen argiak 4 km-ko distantzia egiteko behar zuen denbora, eta hortik abiadura kalkula zitekeen.

Beste edozeinek ontzat emango zukeen abiadura hori.

Baina Galileo zientzilari onegia genuen horrekin konformatzeko.

4 km-z bananduriko bi puntu aukeratu zituen orduan, eta esperientzia errepikatu.

Aurreko esperientzia ondo bazegoen, orain denborak bikoitza atera behar zuen.

Baina ez zen denbora bikoitza atera, berdin-berdina baizik. Eta baita beste distantziekin probatu zuenean ere.

Zer gertatzen zen?.

Galileo konturatu egin zen argia azkarregia zela distantzi txiki horiek egiteko behar zuen denbora neurgarria izan zedin.

Zer zen berak neurtutako denbora orduan?.

Ba, gizakiaren erreakzio-denbora, erreflexuen arintasuna.

Horregatik ateratzen zen beti berdina.

Nola neurtu zen, bada, argiaren abiadura?.

Ba zeruari begira eta, neurri batean, Galileori esker.